lunes, 27 de febrero de 2012

2-3 urteko haurrak haur eskolan edo eskolako sisteman?



Gobernu aldaketak Hezkuntza Sistemaren barnean eragina du. Legeak beti ere aldatu egiten dira. Gaur egun, 2 urteko haurrak haur eskola publikotik atera eta eskolako sistemara egokitu behar dute. Baina hemen betiko eztabaidarekin topatzen gara. Irakasleek orokorrean, 2 urteko gelan ez dute nahi lan egin, gela hauek ez daudelako prestatuta haur txiki horientzat. Eta haurrei dagokionez, zer esanik ez!. Hauentzako aldaketa bortitza da eskolako sistemara egokitzea. Baina nire galdera hau da, zergatik 2-3 urteko haurrak ez dira haur eskolen barruan kokatzen?, eta eskolan egon behar badute, zergatik gela hauek ez dira egokitzen eta haurren ratioak egokitzen? 2-3 urteko haurrek oraindik bere premiak asetzea behar dute, eta beren garapena errespetatzea. Irailetik aurrera jaiotako haurrak, eskolara 2 urte bete gabe hasten dira. Hauek pixoihalak erabiltzen dituzte, eta hauek aldatzeko leku bat egokituta ere ez dago. Arazo honi aurre egitea hain erraza izanda, zergatik haurrek artikulu honetan zehazten dituzten ondorioak jasan behar dituzte?

sábado, 18 de febrero de 2012

Neutrala edo objektiboa izatearen desberdintasuna.


Gelan kasu praktiko batzuk aztertzen jardun dugunean, iruditzen zait neutral hitza gaizki erabili dugula. Kasu askotan esan dugu irakaslearen jarrera neutrala dela. Nire ustez, Hezkuntzan eta Irakaskuntzan , (eta gizartean ere) neutrala izatea ia ezinezkoa da. Neutral hitza askotan objektiboa izatearekin nahasten dugula ohartu naiz. Neutrala izatea erabakirik ez hartzea litzateke, hau da, ez alde ez kontra egotea. Baina gai batek bi alderdi  edo gehiago dituen momentutik, alde bateko ideiak gehiago nagusitzen dira beti.
Objektiboa izatea, aldiz, gai bati buruzko ikuspegi guztiak azaltzea litzateke. Jasotzen den informazioa egia izatea. Ematen den informazioan ez dira iritziak sartzen.
Nire ustez, Hezkuntzan eta Irakaskuntzan, irakasleak erabili behar duen jarrera objektiboa da. Hau zaila bada ere, ezinbestekoa iruditzen zait  ikasleek beraien iritziak ezarri, nortasuna eraiki eta kritikoak izatera iristeko.
Hiltzaile eta biktimaren  artean neutrala izatea ezinezkoa den bezala, ia ezinezkoa egiten zait gizartean jarrera neutrala izatea.
Beraz, Hezkuntzan eta irakaskuntzan batez ere, objektibotasuna da jarrera egokia; ez neutrala, zeren jarrera neutralak ez lituzke gaiak planteatu ere egingo.

martes, 14 de febrero de 2012

Gizarteraztea, kultura, Hezkuntza.


Gizarteraztea, pertsona jaiotzen den unetik gizarteratu egiten da. Gizarte bateko kide da. Beste pertsonekin sozializatzen bere inguruko kultura ikasiko du. Gizarteraztea bizitza osoan ematen da maila ezberdinetan gertatzen bada ere.
Kultura, zerbait konplexua da, gizakia gizarteko kide gisa bereganatzen dituen ezagutzak, sinesmenak eta beste hainbat gaitasun bitzen ditu. Kultura ez da ohitura eta tradizio hutsa, herri baten biziera eta kultura sistema bat da. Besteekin harremanak izateko, azken batean, biziraupena lortzeko eta gizartean integratzeko beharrezkoa da kultura.
Hezkuntza hitza ezin da definizio bakar batean zehaztu. Baina definizio bat ematearren, haurra edo heldua gidatzeko jarduera dela esan daiteke. Hezkuntza prozesu ebolutibo eta konstantea da, non gizakiaren jokaera moldatzen du ezagutza eta esperientzien bidez. Hezkuntza bizi osoan zehar ematen den prozesua da.
Hiru kontzeptu hauek oso erlazionaturik ikusten ditudanez, gelan egindako komentarioak kontuan izanda, proposatu ziren orden guztiei bere logika bat aurkitzen diodala esango dut. Hala ere, gelan komentatu zenaren ondoren, Hezkuntza ikusten dut garrantzitsuena eta osoena bezala, gero kultura, gizakia gizarte honetan integratzea ezinbestekoa iruditzen zaidalako eta gizarteraztea azkena, zeren gizarteratu jaio orduko egiten gara, baina kultura eta hezkuntza beharrezkoak dira bizitzako parte izateko.

Nola eragingo luke hezkuntza ez formala sistema juridiko barnean sartuko balitz?


Nire ustez, ez zen egokia izango hezkuntza ez formala sistema juridiko barnean sartzea. Hezkuntza ez formalean hainbat arlo lantzen dira, orokorrean bakoitzak espezializazio bat duelako. Nire ustez, hezkuntza ez formalaren izaerak, askatasun gehiago izateak, e.a. ikasketa askeago izatea suposatzen du.  Hezkuntza ez formaleko eremura joaten diren pertsonak orokorrean bere kabuz joaten dira, interesatzen zaielako, orduan han elkartzen den jende multzoa, motibatuta, interesatuta dago eta honek ikasketa eraginkorragoa izatea ahalbidetu dezake. Hemen irakasleak hasieran irakastea pentsatutakoa ere alda dezake ikasleen eskakizunei erantzuna emateko asmoarekin, taldearen iradokizunak kontuan izanda. Honen barnean sistema juridikoa sartuko balitz, bere izaera propioa galduko luke. Kurrikulum zehaztua egongo litzateke eta honek bertara joaten diren pertsonak, helburu zehatz batzuk lortzera behartuko lituzke. Helburu horietara iristeak ez duenez plazera sentiarazten, baizik eta tentsioa, ez luke gaur egun duen erakargarritasunik izango.
Eta alderantziz?
Honek ez du esan nahi hezkuntza formala ere sistema juridikotik kanpo egotea nahi dudanik. Nire ustez orain dauden moduan ondo daude. Hala ere,  hezkuntza formala erakargarriagoa izateko hezkuntza ez formaleko hainbat ezaugarri hartzea egokia iruditzen zait. Nire ustez, pertsonak hezkuntza duin bat izateko eskubidea dugun momentutik, honek kudeatuta eta antolatua izan behar du, eta sistema juridiko barnean egotea da horretarako egokiena. Honek garantizatzen baitu denok heziketa bat jasotzea. Pertsonak hezi behar dira, horretarako kurrikulumak, antolaketa, … zehaztuta egon behar du. Beste gauza bat da, hezkuntza formala asko hobetu daitekeela esatea,  kurrikulumak aldatzen joan daitezkeela, … baina sistema juridiko barnean behar du izan.

miércoles, 8 de febrero de 2012

Zein eremuetan arituko zara?

Zein eremuetan arituko zara zu? Galdera honi, gaur eta orain, erantzun bat ematekotan, Hezkuntza formalean arituko naizela esango dut. Momentuan, nire ametsa ikastetxe bateko irakaslea izatea da. Horretarako heziketa egokia jasotzen ari naizela uste dut, hezkuntza formalerako bideratuta baitago Haur hezkuntzako Gradua. Irakasle bezala, nire nahia eta utopia metodologia ezberdinak kontrolatu eta gero, nik izango dudan ideologi horrekin lan egiteko aukera izatea da. Hala ere, esan beharra daukat, hezkuntza ez formalaren eremuari begira ere, ateak irekita ditudala. Bizitza honek hainbeste bira ematen dituenez, nork daki, agian hezkuntza ez formalean gustura aritzeko aukera izango dut. Dena den, hezkuntza formalean edo ez formalean, egiten dudana gustuko izatea da nire igurikapena eta nire utopia. Hezkuntza munduan, gustura sentitzea eta gustura aritzea da nire helburua, nirekin daudenei eta denon artean , bai haurrak bai helduak, bai ikasleak bai irakasleak, guztion artean harreman on bat sustatu eta ikasketa on bat jasotzeko. Beraz, hori izango litzateke nire erronka. Eremu informalari dagokionez, egunero praktikan jartzen dudala esango dut, nire haurrei, ahal dudan heziketa egokiena transmitituz.

sábado, 4 de febrero de 2012

Aurkezpena

Kaixo, Haur hezkuntzako ikaslea naiz eta ikasketa horiek medio direla blog hau sortu beharra izan dut. Hemen Hezkuntzari buruzko informazio anitza jasotzea da nire helburua. Beraz, denok gonbidatuta zaudete nire blog hau irakurtzera eta zuen iritziak azaltzera. Denon artean, hezkuntzari eta bere eremu osoari buruzko ezagutza zabaltzeko.