martes, 8 de mayo de 2012

Lan modularraren glogsterra.

Bigarrengo lan modular honek, hiru irakasgaien edukietan landu ditugun kontzeptuak errealitatean nola gauzatzen diren ikustera eraman gaitu. Hau dela eta, ikasitakoaren eta ikusitakoaren arteko eztabaidak izan ditugu aurkezpenetan. Guri, gure lan modularrak hainbat galdera hausnartzera eraman gaitu, horietako batzuk denon artean eztabaidatu bagenituen ere, batzuk azaldu gabe geratu zirenez, denbora faltagatik, orain gure galderak glogster honetan plasmatzen ditugu, denoi hausnartzeko gonbitea luzatuz.

domingo, 22 de abril de 2012

LOE legearekin ikasitako lehen Goi mailako teknikariak informazio ezaren ordainak jasotzen.


Orain dela 15 egun gutxi gora behera, lagun batek jakinarazi zidan, Haur Hezkuntzako modulua LOE legearekin eginez gero, Unibertsitateko urte bat balioztatua nuela. Hau dela eta, informazio eske ibili naiz han eta hemen. Unibertsitatean matrikulatu nintzenean, idazkaritzan galdetu nuen balioketen  informazioa eskuratzea nahi nuela, eta esan zidaten, modulu-ko ikasketak oinarrizkoak direla Unibertsitatean sartzeko, araudiak honela esaten zuela. Erantzunak zentzua bazuela iruditu zitzaidanez, eta berak nik baino gehiago jakingo zuela pentsatu nuenez, ez nion garrantzi gehiagorik eman. Baina, orain urtea amaitzear dagoela, hainbat ikastetxetan lege hau aurrera doala eta Ingenieritzako Unibertsitatean panelean lege honi buruzko balioketen araudia azaltzen dela jakinarazi dut. Honela, moduluko ikasketak egin nituen ikastetxera joan naiz, eta idazkariak Dekretu berria irakurtzean, 70-tik gorako kredituak balioztatuak ditugula ohartu gara. Madrilen honela kontenplatzen da, Haur hezkuntzako modulutik, haur hezkuntzako gradura, 70 kreditu baliozkotzen dira.

Lege aldaketa hauek suposatzen duten guztia azaldu nahi nuke. Legea aldatzen dute, eta ikastetxeek ez dute lege aldaketa honen berri. Unibertsitatekoak ere ez. Nire galdera zera da, Zergatik ez dira ikastetxeak informatzen? Zergatik beti ikasleak izan behar dugu guzti honen ondorioen kalteak ordaindu behar dugunak? Zergatik ez dira balioesten ikasleen onura dakarten lege aldaketak?

sábado, 21 de abril de 2012

Hezkuntza-sistemaren aldaketak krisi egoeran.



Krisi garai honetan aldaketa ugari daude gure inguruan, hauetako aldaketa nabarmen bat Hezkuntza-sistemaren barnean emango da; irakasle kopurua murriztea eta gelako ikasle kopuruaren gehitzea. Ikaste indibiduala sustatzea nahi badugu ere, gela berean ikasle kopuru gehiago izanik, ezinezkoa izango dela iruditzen zait. Horrelako talde handietan, 30-32 ikasle kopurua hain zuzen ere,  haur bakoitzaren gaitasunak zein diren zehazteko eta haur bakoitzari berak behar duen atentzioa , behar duen laguntza eskaintzeko eta  ikasketa eskaintzeko gero eta zailagoa izango dela iruditzen zait. Honek atzera pausoa ekarriko duela deritzot. Zerbait aurreratzen gara urteetan zehar eta gero arau bat aldatzen denean, berriro atzera pausoa. Atzera pauso honek ordea izugarrizko eragina izan dezakela iruditzen zait. Irakasleek sistema honetan ezin dute ikasleei behar duten zerbitzua eskaini, eta era honetara, irakasleek etsi eta akomodazioan erortzeko arrisku galanta dutela iruditzen zait, honek ikasleen eskola- porrotaren  gehitzea suposatzen duelarik. Urteak pasa ondoren, akomodazio horretatik irtetea askoz ere zailagoa izango da. Beraz, lehen zerbait lortzen ari ginela uste banuen ere, gauzak zaildu egingo dira eta Hezkuntza-sistemak onera egin beharrean, okerrera egingo duela iruditzen zait, gerora ere arazoa konpontzeko zailtasunak areagotuz.


domingo, 15 de abril de 2012

Psikomotrizitateko saioa

Psikomotrizitateko saioa prestatzea eta taldeari saioa eskaintzea, esperientzia oso aberasgarria izan da niretzat. Miren-ek komentatu dit, egindako bideoa, berak bere blog-ean sartzeko asmoa duela, ideia bikaina iruditu zait, eta niri ere berdina egiteko animatu didanez, hemen sartu dut gure bideoa, hau nire bizitzarako oroitzapen interesgarri bat bezala gordeta geldituko baita.



Psikomotrizitateko saioa prestatzea oso interesgarria izan da. Biok egun batean geratu ginen eta bakoitzak genituen ideiak eta helburuak azaldu genizkion elkarri. Ariketak definitu genituenean, gelako kideei azaldu aurretik, hauek praktikan jartzen hasi ginen. Ariketak prestatzean, oso ondo pasa genuen, farre ugari egin genuen. Elkarrekin lan egiteak, elkar gehiago ezagutzea ere ahalbidetu zuen, eta oso ondo sentitu nintzen.
Gero saioa gelako kideei azaldu genionean ere, tentsio piskat eduki arren, uste dut, oso ondo irten zitzaigula saioa. Oso saio dibertigarria izan zen, batez ere espaguetti-aren jolasa. Oso ideia dibertigarria izan zuen Miren-ek. Berak esaten duen moduan, askotan material merke eta sinpleekin ere landu daitezke hainbat helburu. Gaur egun, gure merkatuan baditugu hainbat objektu erabilgarriak eta merkeak, hezitzaileok behar duguna originaltasuna izatea da. Bukatzeko adierazi, esperientzia hau hain polita izan dela niretzat, ze gogoratzen dudanean irrifarre bat irtetzen zaidala, nire sentimendu positiboen seinale gisa.

viernes, 13 de abril de 2012

“Cinco deditos” metodoa

Irratian, elkarrizketa interesgarri bat entzun dut eta honi buruzko artikulu bat topatu dut. Haurrekin keinuen bidez komunikatzeko hizkuntza ikastearen eta erabiltzearen onuraz jardun dute hitz egiten. Gogo-mutuak diren haurrek txikitatik ikasten omen dute keinuen bidezko hizkuntza, beraz, zergatik ez jarri hau praktikan 0-3 urteko haurrekin? Haurrek 6-7 hilabeteekin hasten dira besoak mugitzen, eta hemendik aurrera gai dira, agur eskuekin esateko, behatzarekin adierazteko zer nahi duten, e.a. Haurrek, nahiz eta helduak esaten dutena 14 hilabeterako ulertu, ez dira beraiek nahi dutena zehazki adierazteko gai, aldiz, hizkuntza mota honekin amaren eta haurraren arteko komunikazioa sendoagoa izatea lortzen dela komentatzen zen irratiko elkarrizketan. Haurren hilabeteak aurrera egiten duten eran, haurrak sentimenduak adierazteko gai dira, e.a. Honek guztiak, haurrari hainbat onura ematen dizkiola komentatzen zuten irratian: hiztegi zabalagoa hitz egiten hasitakoan, sentimenduak adierazteko trebetasuna, komunikatzeko trebetasuna, frustrazioak murriztu, e.a.

Nork eskaini zigun arratsaldetan eskolara etortzea? Orain oparia kendu behar al digute? Zer seriotasun mota da hau?

Jadanik, denbora asko igaro da nire blog-ean ez dudala ezer idatzi, eta gaur animatu naiz. Lehenik eta behin esan, arratsaldeko talde osoa goizeko taldera pasatzeko aukera ematea ondo iruditzen zaidala, baina ezin dugunok goizetan eskolara joan beste irtenbide bat aurkitu beharrean suertatzen gara. Iaz, arratsaldez eskolara etortzeko aukera eman ziguten bezala, orain ere eman beharra dutela iruditzen zait. Behin konpromisoa hartuta, konpromiso hori lau urtez bete beharko dela iruditzen zait. Beraz, nahiko desanimatuta egon naiz denboraldi honetan, gurekin jolasean ari direnen sentsazioa sortu baitzait nire barnean. Oraindik ere, gizarteak honela funtzionatzen duela badakigu, baina hezkuntza sistema inklusibo bat aldarrikatzen ari gara Haur hezkuntzako irakasle izango garen bezala, eta era berean gure Unibertsitatean ez dute aurrera eramaten. Nire galdera da: noren edo zerren zain gaude inklusibotasuna aurrera eramateko?, ez al da hezkuntza denontzat? Ikasitako teoria, noiz jarri behar da martxan?

domingo, 11 de marzo de 2012

Errepublika garaiko irakaskuntza

Askotan garai bateko hezkuntza sistema edo frankismoa eskola sistema zorrotz batekin lotzen dugu. Ikusi besterik ez, eskolan egin ditugun posterrak. Baina Loreak ipini digun bideoan, ondo ikusi dugu, Errepublika garaian bazela, gaur egun utopia deneko eskola mota ere. Ia ehun urte igaro dira, eta oraindik hezkuntzako metodologiak ezer gutxi aurreratu direla ikusteak, pena izugarria ematen dit. Frankismo garaiak asko oztopatu zuen hezkuntzaren ibilbidea, eta oraindik ere horren ondorioak jasaten ari garela uste dut nik. Nire buruari etengabe galdera hau egiten diot: Frankismo garairik gabe, errepublika garaiko hezkuntza mota hori bultzatua izango balitz, non egongo ginateke orain? Garbi dago, garai hartako irakasle borrokalari haiek garbi zutela zer nahi zuten, eta ahal zuten guztia egiteko prest zeudela. Beraz, horrelako irakasle fidel eta langileekin, noraino iritsi ahal izango genuen pentsatzen dut. Dena den, istorioan zehar ibilbide luze eta sakonak leku guztietan aurki ditzakegu, eta atzera begiratu beharrean, aurrera ahal dugun egokien egitea izango da hoberena. Beraz, jo dezagun aurrera!!

domingo, 4 de marzo de 2012

Heziketa emozionala haurdunalditik hasita.

Gaur redes-eko programa ikusi dut. Gaurko gaia haurren emozioak duten garrantziaz ohartzea izan da. Ikerkuntza bat egin dute, eta ohartu dira haurdunaldian dauden amak estresa edo antsietatea izaten badute, uteroan dagoen haurrarengan eragina duela. Hau da, haurdunaldian estresa sentitzen duen amak, kortisol hormona gehiago sortzen omen ditu eta hormona hau plazentaraino iristen omen da. Ikerketak diotenez, haurraren garapenean eragina izan dezake honek, haur hauek hiperaktibitatea, arreta falta, eta inteligentzia maila txikiagoa izan baitezakete. Orain arte esan izan da, haurren emozioak lehen urtetan zutela garrantzia, orain aldiz, haurdunaldian sentitutako emozioek omen dute izugarrizko eragina. Redes-en haurdunaldia zaintzeak gure gizartea hobetzea eta zoriontasuna ekar dezakeela azpimarratu dute. Hala ere, haurren emozioak haurra sortu eta lehen 8 urtetan zaindu behar dira, hauen garapena bide egokian joateko. Programa hau ikustean, Eduardo Punset-ek esan du, haurdun dauden amen emozioak zaindu behar genituzkeela. Egia da, haurdun dauden pertsonengan hainbat hormona aktibatzen direla, eta inork ez dio ama izan behar duenari galdetzen, zer moduz dagoen emozionalki. Zer nolako bizitza ematen duen, e.a. Nire ustez, ikerketa honek diona egia bada, eta nik hala pentsatzen dut, uste dut, haurdun dauden pertsonengan bere emozioak tratatzeko dirua inbertitzea beharrezkoa dela, honela haur hiperaktibo eta arreta falta dutenen tasak hobetuko badira. Ikusita emozioek duten garrantzia, eta gure etapa barruan ere zentratzen dela (0-6), kontuan hartu beharreko gaia iruditu zait. Guk ere haur eskolan hezitzaile bezala edo irakasle bezala, haurrek beraien emozioak azaltzeko teknikak ,estrategiak edo uneak antolatu beharko genituzke. Gai hau orain pil-pilean dagoen gaia da, eta nire ustez irakasleak adi egon behar dugu, gai berri hauek azaltzen direnean, irakasleok haurren garapena sustatzeko asko egin baitezakegu.

jueves, 1 de marzo de 2012

Hezkuntza sistemaren ibilbidea

Glogster programa erabiliz, poster bat egin dugu talde lanean, gaia hau delarik: Nola ulertzen duzu lehengo hezkuntza sistema eta oraingoa? . Hemen 5 atal bereiztu dira, ikasleak (lehen eta orain), irakasleak (lehen eta orain), metodologia (lehen eta orain), baliabideak (lehen eta orain) eta ebaluaketa (lehen eta orain).

Dekretua lantzen


Hasi gara dekretua eta curriculumak lantzen. Hainbat galdera eman dizkigu Loreak erantzuteko eta hauek oso baliagarriak izan dira, hezkuntza sistemaren barnean dauden zehaztapenak ezagutzeko. Dekretua eta curriculumak aztertzen hasi garenean, nahiz eta dekretua hezkuntza sailetik etorri eta bakarra izan, ikastetxe bakoitzak baduela hori egokitzeko aukera ohartu naiz. Aukera hau oso aberatsa dela esango nuke.  Ikastetxe bakoitzaren testuinguruaren eta ikasleen arabera ikastetxeak bere izaera edo nortasuna definitzeko aukera izango du.  Beraz, ikastetxeek %40a beren erara antolatzeko baimena izatea positiboa iruditzen zait. Galdera hauek lantzerakoan, hainbat kontzeptu jaso ditut, baina momentuan argitzeko balio didatenak hauek dira:

Curriculum itxia: Hezkuntza sailetik datorren dokumentua. Ofiziala dena da.
Curriculum irekia: Eskola bakoitzak ofiziala den dekretutik egiten duen egokitasuna.
Helburuak: zerbait egiten dugunean, zer lortu nahi den.
Konpetentziak: Zer egingo dugu eta nola egingo dugu.

lunes, 27 de febrero de 2012

2-3 urteko haurrak haur eskolan edo eskolako sisteman?



Gobernu aldaketak Hezkuntza Sistemaren barnean eragina du. Legeak beti ere aldatu egiten dira. Gaur egun, 2 urteko haurrak haur eskola publikotik atera eta eskolako sistemara egokitu behar dute. Baina hemen betiko eztabaidarekin topatzen gara. Irakasleek orokorrean, 2 urteko gelan ez dute nahi lan egin, gela hauek ez daudelako prestatuta haur txiki horientzat. Eta haurrei dagokionez, zer esanik ez!. Hauentzako aldaketa bortitza da eskolako sistemara egokitzea. Baina nire galdera hau da, zergatik 2-3 urteko haurrak ez dira haur eskolen barruan kokatzen?, eta eskolan egon behar badute, zergatik gela hauek ez dira egokitzen eta haurren ratioak egokitzen? 2-3 urteko haurrek oraindik bere premiak asetzea behar dute, eta beren garapena errespetatzea. Irailetik aurrera jaiotako haurrak, eskolara 2 urte bete gabe hasten dira. Hauek pixoihalak erabiltzen dituzte, eta hauek aldatzeko leku bat egokituta ere ez dago. Arazo honi aurre egitea hain erraza izanda, zergatik haurrek artikulu honetan zehazten dituzten ondorioak jasan behar dituzte?

sábado, 18 de febrero de 2012

Neutrala edo objektiboa izatearen desberdintasuna.


Gelan kasu praktiko batzuk aztertzen jardun dugunean, iruditzen zait neutral hitza gaizki erabili dugula. Kasu askotan esan dugu irakaslearen jarrera neutrala dela. Nire ustez, Hezkuntzan eta Irakaskuntzan , (eta gizartean ere) neutrala izatea ia ezinezkoa da. Neutral hitza askotan objektiboa izatearekin nahasten dugula ohartu naiz. Neutrala izatea erabakirik ez hartzea litzateke, hau da, ez alde ez kontra egotea. Baina gai batek bi alderdi  edo gehiago dituen momentutik, alde bateko ideiak gehiago nagusitzen dira beti.
Objektiboa izatea, aldiz, gai bati buruzko ikuspegi guztiak azaltzea litzateke. Jasotzen den informazioa egia izatea. Ematen den informazioan ez dira iritziak sartzen.
Nire ustez, Hezkuntzan eta Irakaskuntzan, irakasleak erabili behar duen jarrera objektiboa da. Hau zaila bada ere, ezinbestekoa iruditzen zait  ikasleek beraien iritziak ezarri, nortasuna eraiki eta kritikoak izatera iristeko.
Hiltzaile eta biktimaren  artean neutrala izatea ezinezkoa den bezala, ia ezinezkoa egiten zait gizartean jarrera neutrala izatea.
Beraz, Hezkuntzan eta irakaskuntzan batez ere, objektibotasuna da jarrera egokia; ez neutrala, zeren jarrera neutralak ez lituzke gaiak planteatu ere egingo.

martes, 14 de febrero de 2012

Gizarteraztea, kultura, Hezkuntza.


Gizarteraztea, pertsona jaiotzen den unetik gizarteratu egiten da. Gizarte bateko kide da. Beste pertsonekin sozializatzen bere inguruko kultura ikasiko du. Gizarteraztea bizitza osoan ematen da maila ezberdinetan gertatzen bada ere.
Kultura, zerbait konplexua da, gizakia gizarteko kide gisa bereganatzen dituen ezagutzak, sinesmenak eta beste hainbat gaitasun bitzen ditu. Kultura ez da ohitura eta tradizio hutsa, herri baten biziera eta kultura sistema bat da. Besteekin harremanak izateko, azken batean, biziraupena lortzeko eta gizartean integratzeko beharrezkoa da kultura.
Hezkuntza hitza ezin da definizio bakar batean zehaztu. Baina definizio bat ematearren, haurra edo heldua gidatzeko jarduera dela esan daiteke. Hezkuntza prozesu ebolutibo eta konstantea da, non gizakiaren jokaera moldatzen du ezagutza eta esperientzien bidez. Hezkuntza bizi osoan zehar ematen den prozesua da.
Hiru kontzeptu hauek oso erlazionaturik ikusten ditudanez, gelan egindako komentarioak kontuan izanda, proposatu ziren orden guztiei bere logika bat aurkitzen diodala esango dut. Hala ere, gelan komentatu zenaren ondoren, Hezkuntza ikusten dut garrantzitsuena eta osoena bezala, gero kultura, gizakia gizarte honetan integratzea ezinbestekoa iruditzen zaidalako eta gizarteraztea azkena, zeren gizarteratu jaio orduko egiten gara, baina kultura eta hezkuntza beharrezkoak dira bizitzako parte izateko.

Nola eragingo luke hezkuntza ez formala sistema juridiko barnean sartuko balitz?


Nire ustez, ez zen egokia izango hezkuntza ez formala sistema juridiko barnean sartzea. Hezkuntza ez formalean hainbat arlo lantzen dira, orokorrean bakoitzak espezializazio bat duelako. Nire ustez, hezkuntza ez formalaren izaerak, askatasun gehiago izateak, e.a. ikasketa askeago izatea suposatzen du.  Hezkuntza ez formaleko eremura joaten diren pertsonak orokorrean bere kabuz joaten dira, interesatzen zaielako, orduan han elkartzen den jende multzoa, motibatuta, interesatuta dago eta honek ikasketa eraginkorragoa izatea ahalbidetu dezake. Hemen irakasleak hasieran irakastea pentsatutakoa ere alda dezake ikasleen eskakizunei erantzuna emateko asmoarekin, taldearen iradokizunak kontuan izanda. Honen barnean sistema juridikoa sartuko balitz, bere izaera propioa galduko luke. Kurrikulum zehaztua egongo litzateke eta honek bertara joaten diren pertsonak, helburu zehatz batzuk lortzera behartuko lituzke. Helburu horietara iristeak ez duenez plazera sentiarazten, baizik eta tentsioa, ez luke gaur egun duen erakargarritasunik izango.
Eta alderantziz?
Honek ez du esan nahi hezkuntza formala ere sistema juridikotik kanpo egotea nahi dudanik. Nire ustez orain dauden moduan ondo daude. Hala ere,  hezkuntza formala erakargarriagoa izateko hezkuntza ez formaleko hainbat ezaugarri hartzea egokia iruditzen zait. Nire ustez, pertsonak hezkuntza duin bat izateko eskubidea dugun momentutik, honek kudeatuta eta antolatua izan behar du, eta sistema juridiko barnean egotea da horretarako egokiena. Honek garantizatzen baitu denok heziketa bat jasotzea. Pertsonak hezi behar dira, horretarako kurrikulumak, antolaketa, … zehaztuta egon behar du. Beste gauza bat da, hezkuntza formala asko hobetu daitekeela esatea,  kurrikulumak aldatzen joan daitezkeela, … baina sistema juridiko barnean behar du izan.

miércoles, 8 de febrero de 2012

Zein eremuetan arituko zara?

Zein eremuetan arituko zara zu? Galdera honi, gaur eta orain, erantzun bat ematekotan, Hezkuntza formalean arituko naizela esango dut. Momentuan, nire ametsa ikastetxe bateko irakaslea izatea da. Horretarako heziketa egokia jasotzen ari naizela uste dut, hezkuntza formalerako bideratuta baitago Haur hezkuntzako Gradua. Irakasle bezala, nire nahia eta utopia metodologia ezberdinak kontrolatu eta gero, nik izango dudan ideologi horrekin lan egiteko aukera izatea da. Hala ere, esan beharra daukat, hezkuntza ez formalaren eremuari begira ere, ateak irekita ditudala. Bizitza honek hainbeste bira ematen dituenez, nork daki, agian hezkuntza ez formalean gustura aritzeko aukera izango dut. Dena den, hezkuntza formalean edo ez formalean, egiten dudana gustuko izatea da nire igurikapena eta nire utopia. Hezkuntza munduan, gustura sentitzea eta gustura aritzea da nire helburua, nirekin daudenei eta denon artean , bai haurrak bai helduak, bai ikasleak bai irakasleak, guztion artean harreman on bat sustatu eta ikasketa on bat jasotzeko. Beraz, hori izango litzateke nire erronka. Eremu informalari dagokionez, egunero praktikan jartzen dudala esango dut, nire haurrei, ahal dudan heziketa egokiena transmitituz.

sábado, 4 de febrero de 2012

Aurkezpena

Kaixo, Haur hezkuntzako ikaslea naiz eta ikasketa horiek medio direla blog hau sortu beharra izan dut. Hemen Hezkuntzari buruzko informazio anitza jasotzea da nire helburua. Beraz, denok gonbidatuta zaudete nire blog hau irakurtzera eta zuen iritziak azaltzera. Denon artean, hezkuntzari eta bere eremu osoari buruzko ezagutza zabaltzeko.